Gaurko honetan Sport climbing from a medical point of view artikuluaren laburpenarekin natorkizue, Andreas Schweizer-ek “Swiss Medical Weekly” aldizkarian idatzitakoa. Bertan, eskalatzaileek gehien jasaten dituzten lesioen aipamena eta deskribapena agertzen dira. Prebentzio eta tratamenduaren inguruko informazioa aurrerago ikusiko dogu, hurrengo sarreretan hain zuzen ere.
Sarreran aipatzen duen bezela, azken 25 urteotan eskaladarekin zerikusia duten kirolen praktikan (boulderra barne) gorakada izugarria antzeman daiteke. Hau honela, kirol hauekin lotura duten lesioen maiztasunean ere igoera nabaritzen da. Aipatu behar da material berrien garapenak erorketa tasa gutxitu egin duela eta honek erorketekin erlazionaturiko traumatismoen maiztasun eta larritasunaren gutxitzea ekarri du. Hala ere, gorputzeko atal ezberdinen (batez ere goikaldeko gorputz-adarretan) gainkargaren ondorioz agertutako gaitzek gora egin dute.  Hurrengo hauek dira, hain zuzen ere, eskalada praktikatzen dutenen artean gaikargarekin lotuta gehien ematen diren dauden lesioak:

  • Atzamarretako flexio-tendoien txirrikako gaitzak: kirol honetan eskuak jarrera konkretu batzuetan jartzen dira: horman zintzilik daudenean, kirolariek heldulekuetatik eskuekin ahal bezain gogorren oratzeko jarrerak (ikusi irudia) flexio-tendoien txirrikan gainkarga handia dakar. Behin jarrera honetan daudela, ustekabeko mugimendu batek txirrikaren apurketa ekarri dezake.
eskalada lesioak

Hemen ikusi dezakegunez, eskaladan eskuekin erabiltzen den jarrera honek (a) txirriken apurketa ekarri dezake (a eta b).*

  • Lumbrikal giharretako gaitzak: heldulekuak atzamar bat edo birentzako direnean, lumbrikal gihar eta tendoiek eskaera handiegia jasan dezakete, hauen lesioak agertuz.
  • Lotailuetako gaitzak: kirolariak horman zintzilik daudela oinak irristatzen bazaizkie, gorputzaren pisuak indar handia eragingo lieke esku eta atzamarretako lotailuei eta hauen lesioak eragin (bihurdura edo haustura).
  • Karpoko gaitzak: eskaladan gertatu ohi diren karpoko gaitzak erorketen ondorioz gertatzen dira gehienetan, haustura traumatikoak alegia. Hala ere, eskalatzaileen lesio espezifiko bat ere aurkitu dezakegu: karpoko gakodun hezurraren gakoaren zeharkako haustura. Gaitz hau azpitik heldu beharreko heldulekuak behin eta berriz oratzean gertatzen da, zailtasun handiko boulderretan.
  • Atzamarretako giltzaduretako gaitzak: nahiz eta ikerlariek ezin duten argitu eskaladaren eragin zuzenaren ondorioz den ala ez, sarri antzematen dira eskalatzaileen atzamarretan giltzadura-endekapenak (ikusi irudia).
  • Goikaldeko gorputz-adarretako tendinopatiak: orain arte gaitz hauek gainkargarekin eta gehiegizko lanarekin erlazionatu dira. Azken aldian argitaratzen diren ikerketen arabera, badirudi nerbio-sistema zentralaren papera ere kontutan hartu behar dela.  Asaldaturiko tendoiaren kokapenaren arabera, tendinopatiak izen bat edo beste hartu dezake. Adibidez, besaurreko tendoietan ematen direnean, epikondilitis edo epitrokleitis izena jasoko dute. Sorbaldan agertzen diren tendinopatiak biratzaileen mahukatxoa osatzen duten giharretan ematen dira sarritan, eskaladan giltzadura honek egiten duen lanaren eraginez.  Hemen sorbaldako tendinopatiari buruzko informazio gehiago: http://bagabigablog.blogspot.com.es/2013/01/sorbaldako-tendinopatia.html
  • Goikaldeko gorputz-adarretako gaitz neurologikoak: karpo kanalaren sindromea eta supinatzaileen kanalaren sindromea ditugu atal honetako lesiorik aipagarrienak. Gaitz hauetan, egituraren batek (giharra,tendoia,…)  nerbio-adarrak estutu eta euren funtzioa asaldatu egiten ditu. Honek ekartzen dituen síntoma nagusiak indarra edota sentimena galtzea izaten dira.
  • Behekaldeko gorputz-adarretako lesioak:  atal honetan erorketen ondorioz gertatutako hausturak (hazurrak, meniskoak, lotailuak,…) eta bihurdurak aipatu behar ditugu, nahiz eta gaur egungo materialen fidagarritasunaren ondorioz, gero eta urriagoak diren. Giharrei dagokienez, izterraren atzekaldean gainkarga muskularrak izaten ditugu maiz, eskaladan hanketako jarreraren eraginaren ondorioz (aldakaren barne errotazio handia).
  • Bizkar eta lepoko gaitzak: kirola orokorrean eta maila ertaineko eskalada bereziki bizkarreko muskulaturarentzako osasungarriak dira, mina gutxitu eta giharren indarraren areagotzea bideratzen bait dute. Hala ere, zailtasun handiagoko eskaladan bizkarrezurrak pairatzen dituen konpresio-indarrak areagotu eta lesioak agertu daitezke.

Iker Villanueva. Fisioterapeuta.

BIBLIOGRAFIA
– Schweizer, A. (2012) Sport climbing from a medical point of view. Swiss Med Wkly. 2012;142:w13688
– Rio, E., Moseley, L. , Purdam, C., Samiric T., Kidgell, D., Pearce, A., Jaberzadeh, S. eta Cook, J. (2013) The Pain of Tendinopathy: Physiological or Pathophysiological? Sports Med.  DOI 10.1007/s40279-013-0096-z
– Heales, L.J., Lim, E.C., Hodges, P.W. eta Vicenzino, B. (2013) Sensory and motor deficits exist on the non-injured side of patients with unilateral tendon pain and disability–implications for central nervous system involvement: a systematic review with meta-analysis. Br J Sports Med. DOI 10.1136/bjsports-2013-092535
* Irudiak hasieran aipaturiko artikulutik ateratakoak dira.

Comparte este artículo

Diplomado en Educación Física, Graduado en Fisioterapia, Osteopáta C.O. Técnico Superior de Prevención de Riesgos Laborales. Formado en Terapia Manual, Punción Seca y Ejercicio Terapéutico. Con una experiencia de más de 10 años en el tratamiento de pacientes y de 5 años como docente, actualmente ejerce la profesión de forma libre y trabaja como Profesor Asociado en el Grado de Fisioterapia de la Universidad del País Vasco – Euskal Herriko Unibertsitatea.

Comentarios vía facebook

Deja un comentario